Gaixotasun infekziosoen epidemiologo eta osasun publikoko zientzialari garen aldetik, kezkatuta gaude COVID-19aren inguruan nagusi diren politiken eragin kaltegarriekin, osasun fisikoan eta mentalean, eta Babes Fokuratua (Focused Protection) deitzen diogun ikuspegia gomendatzen dugu.
Ezkerretik zein eskuinetik gatoz, eta edozein dela ere gure jatorrizko herrialdea, jendea babesteari eskaini diogu gure lanbidea. Egungo konfinamendu (lockdown) politikak eragin suntsitzailea izaten ari dira osasun publikoan epe motzera eta luzera. Ondorioen artean daude (gutxi batzuk aipatzearren) haurren txertaketa tasa baxuagoa, gaixotasun kardiobaskularren emaitzetan okerrera egitea, minbizia azterketak gutxitzea eta buruko osasunaren narriatzea – horiek datozen urteetan hilkortasun gehigarri handiagoa ekarriko dute, langile klaseak eta gizarteko kide gazteenek zama astunena jasango dutelarik. Ikasleak eskolatik kanpo edukitzea injustizia larria da.
Txerto bat egon arte neurri horiek mantentzeak konponezinak diren kalteak sortuko ditu, pribilegio gutxien dituztenak oraindik kaltetuago izango direlarik.
Zorionez, birusari buruzko gure ulermena handitzen ari da. Jakin badakigu COVID-19agatik hiltzeko probabilitatea milatik gora aldiz handiagoa dela zahar eta gaixoen artean gazteen artean baino. Izan ere, haurrentzat beste gaixotasun asko dira COVID-19a baino arriskutsuagoak, gripea barne.
Biztanlerian immunitatea areagotzen den neurrian, jaitsi egiten da kutsatzeko arriskua guztientzat –zaurgarrientzat barne–. Jakin badakigu populazio guztiek lortuko dutela azkenean talde immunitatea –hau da, infekzio berrien tasa egonkorra izango den unea– eta txerto batek lagundu dezakeela (baina ez dago horren menpe). Beraz, gure helburua izan behar luke hilkortasuna eta kalte sozialak ahal bezainbat gutxitzea, taldearen immunitatea lortu arte.
Talde immunitatea lortzeko bidean arriskuak eta onurak orekatzen dituen planteamendu gizatiarrena honakoa da: heriotza arrisku minimoan daudenei bizitza normaltasunez bizitzeko aukera ematea, infekzio naturalaren bidez birusaren immunitatea eraiki dezaten, arrisku altuena dutenak hobeto babesten ditugun bitartean. Horri Babes Fokuratua deitzen diogu.
Zaurgarriak babesteko neurriak hartzea izan beharko luke COVID-19aren aurkako osasun publikoaren erantzunaren helburu nagusia. Adibidez, zaharren egoitzetan eskuratutako immunitatea duten langileak jardun behar lukete, eta beste langileei eta bisitari guztiei probak egin beharko litzaizkieke maiz. Langile aldaketak ahalik eta gutxien egin behar lirateke. Etxean bizi diren erretiratuek janariak eta bestelako gaiak etxean jaso behar lituzkete. Ahal denean, kanpoan elkartu beharko lukete senitartekoekin, gune itxietan ordez. Neurrien zerrenda osatua eta zehatza, belaunaldi anitzeko etxeetarako planteamenduak barne, gara daiteke, eta berau osasun publikoko profesionalen esparruan eta gaitasunean dago.
Zaurgarriak ez direnei berehala utzi beharko litzaieke bizitza normaltasunez berreskuratzen. Higiene neurri sinpleak hartu behar genituzke denok, hala nola, eskuak garbitzea eta gaixorik egotean etxean geratzea, talde immunitate atalasea murrizteko. Ikastetxeek eta unibertsitateek irekita egon behar lukete aurrez aurreko irakaskuntzarako. Curriculemetik kanpoko jarduerak, hala nola kirolak, berriro hasi beharko lirateke. Arrisku txikiko heldu gazteek normaltasunez lan egin beharko lukete, etxetik ordez. Jatetxeek eta bestelako negozioek ireki beharko lukete. Arte, musika, kirol eta bestelako kultur jarduerak berriro hasi beharko lirateke. Arrisku handiagoa duten pertsonek, nahi izanez gero, parte har lezakete, baina gizarte osoak gozatuko luke talde immunitatea eraiki dutenek zaurgarrienei emandako babesaz.
2020ko urriaren 4ean, adierazpen hau Great Barrington-en (Estatu Batuak) honakoek sortu eta sinatu zuten
Martin Kulldorff doktorea, Harvard Unibertsitateko medikuntza irakaslea, bioestatistikoa eta epidemiologoa, gaixotasun infekziosoen agerraldiak hautematen eta kontrolatzen eta txertoen segurtasun ebaluazioak egiten espezializatua.
Sunetra Gupta doktorea, Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea, immunologian, txertoen garapenean eta gaixotasun infekziosoen eredu matematikoan aditua den epidemiologoa.
Jay Bhattacharya doktorea, Stanford Unibertsitateko Medikuntza Eskolako irakaslea, medikua, epidemiologoa, osasun ekonomialaria eta osasun publikoko politiketan aditua gaixotasun infekziosoak eta populazio zaurgarriak ardatz hartuta.
Translation by Maite Darceles